|
Azaroko lehenengo hiru asteetan GEEMn dauden denda, ostatu eta zerbitzuetako enpresek sariak banatuko dituzte bezeroen artean euren establezimendu edo bulegoetan zerbait erosi, kontsumitu, kontratatzearen truke. "Getxo. Hemen baduzu zer zuritu" lelopean kanpaina berria abiatuko dute elkartea osatzen duten enpresetan kontsumitzea sustatzeko. Proiektuaren mekanika oso erraza da. Ekimenean parte hartzen duten enpresek "rist-rast irabazi" motako txartel sorta jasoko dute, bezeroen artean banatzeko hilaren 2tik 21era. Txarteletan parte hartzen duten enpresek emango dituzten sari erakargarrietako bat aurkitzeko aukera izango dute, eta parte hartzen duen elkarteko beste kide baten establezimendu edo bulegoan jasoko dute. Sari zuzenak ere banatuko dituzte, bonboi kutxak, txartela atera eta bertan eskuratzeko.
Bezeroek jakingo dute zer enpresak parte hartzen duen ekimenean, dendan edo bulegoan kanpotik ikusteko moduan ipiniko duten kanpainaren irudiaren bidez. Kartel horiek GEEMk ekimenaren berri zabaltzeko baliatuko dituen euskarrietako bat izango dira. Kanpainaren berri zabaltzeko ahalegin handia egingo da, besteak beste, esku orriak sartuko dira postontzietara, publizitatea egingo da hedabideetan ekimena Getxon eta inguruko udalerrietan iragartzeko.
|